XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Boliviako pareta pitzatuak

Ezin esan Bolivia auzunean ostatu hartu zuten Nice Katiluko apartamentu estu hura beste munduko gauza zenik.

Paretak pitzatuak zeuden goitik behera eta bonbila biluzi haiek lanpara bihur zitzaketen fieltrozko oihal zurrunen arrastorik ez zen inon.

Sabaiko bonbilak pendularki mugitzen ziren pasiloan norbait oinez ibiltzen zen bakoitzean.

Petrolioa bilatzeko bonbilak, esan zuen txantxetan Ieregik hara heldu bezain pronto, Rotterdameko portu erraldoiko petroliuntziak gogoan.

Horma zuriak nikotina geruza batek hartzen zituen sabairaino, hormako igeltsoa ore fin eta hori batez estaliz.

Gramola behintzat bazebilen.

Gramolaren ondoan berunezko hontza ttiki bat zegoen, kolore urdin biziko begi irekiak zituena.

Bazuen irudi hark zerbait beldurgarri bilakatzen zuena.

Klarari ordea, gustatu egin zitzaion halere iruditxoa eta handik joatean oroigarri gisara eramateko asmoa agertu zuen.

Gainerantzean, ez zegoen han gauza handirik, apartamentuko paretetan, altuera ezberdinetan eskegitako Van Goghen koadroen kopia merkeak salbu.

Mesanotxearen gainean beste bonbila biluzi bat, wolframio hariaren mugimendu bibrakorrek ekilibriorako kable arriskutsu bilakatzen zutelarik eltxoendako?

Hobe hura ez piztea eulien borrero bihurtu nahi ez bazuten.

Mesanotxean hiru disko: Kenny Dorham, Miles Davis eta Thelonius Monk.

Apartamentua txikia izanagatik ere sabaia behintzat altua zuen eta metro kubikoen aniztasun hark itogarritasuna kendu eta abegikorrago egiten zituen gelak.

Nikolasek hartu zuen gelarik txikiena, atzealdekoa, eta Klara Miao eta Bob Ieregik hartu zuten bestea.

Egongelan eseri ziren Klara eta Bob, Nikolasek pentsioko sukaldetxoan kafea prestatzen zuen bitartean.